GREBA ETA MOBILIZAZIO EGUNA
Milaka lagun atera dira kalera Baionan erretreta sistema defendatzeko
3.500 lagunetik gora irten dira kalera gaur goizean Baionan, enplegua, erosteko ahalmena eta erretreta sistema defendatzeko.
27/05/2010 11:59:00
BAIONA-. Greba eta mobilizazio eguna dute gaur Ipar Euskal Herrian, Estatu frantsesean bezala, Nicolas Sarkozyren Gobernua prestatzen ari den erretreta sistemaren erreforma salatzeko. Nahiz eta oraindik ezer ez duela erabak errepikatzen duen, mobilizazioaren bezperan erretiratzeko adina atzeratzeko asmoa duela baieztatu du.
Intersindikalak 10.30etan ezarria zuen hitzordua Baionan, eta LABek ere manifestazioan parte hartzeko deia egin zuen. 3.750 lagun inguru bildu dituzte guztiek mobilizazioan, Kazeta.infok jaso duenez.
Herriko Etxearen bidean, esklabismoaren aurkako borroka oroitzeko dagoen estatua estali egin dute manifestariek eta modu horretan esklabismo mota berri bat abian jarri nahia egotzi diote presidente frantsesari.
60 urtetik aurrera eraman nahi du Parisko Gobernuak erretiroa hartzeko adina. Hala ere, Sarkozyk ez du zehaztu zer adin arte jardun beharko duten langileek erretreta duina izateko.
Azken erreformen ondorioz, gaur egun 41,5 urte kotizatu behar dira Estatu frantsesean erretretaren %100¡ eskuratzeko.





