GARA > Azkenak >

EAE-ANV-REN AURKAKO MOZIOAK

"Salbuespen egoera" salatu dute PSEren egoitzaren aurrean

Ino Galparsoro, Arrasateko alkateak, Auzitegi Nazionalean deklaratu du Baltasar Garzon epailearen aurrean, oraindik zer egozten dioten jakin gabe. Eguerdian, ezker abertzaleak elkarretaratzea egin du Donostian, PSEren egoitza parean, "salbuespen egoera" salatzeko.

30/04/2008 9:35:00

DONOSTIA-. Eguerdiko 12.00etan, elkarretaratzea egin dute Donostian, PSEren egoitza parean, Arrasateko alkatearen zitazioa salatzeko. 50 bat lagunek bat egin dute salaketa ekintza horrekin. Bertan izan dira hainbat hautetsi independentista, Arantza Urkaregi eta Xabier Mikel Errekondo, tarteko. Marine Pueyo eta Maider Ziganda izan dira, ordea, bildutakoen izenean hitza hartu dutenak eta, azaldu dutenez, "salbuespen egoera da PSOEk eskaintzen duen bakarra, EAJ lagun leialtzat hartuta".

Nafarroako banderak eta ikurrinak nagusi izan dira ordu eta erdiz luzatu den elkarretaratzean. Hautetsi independentistek Gobernu espainolaren eta PSOEren "estrategia errepresiboa" salatu dute eta, istorio horren "azken kapitulua", momentuz, Ino Galparsororen zitazioa dela ohartarazi.

Pueyok adierazi duenez, Arrasateko "bizilagunek eman dioten lana betetzeagatik" deitu dute Galparsoro Auzitegi Nazionalera, baita "alkate gisa ekinbide politkoak duintasun osoz egiteagatik eta eskaintza politikoa eta alternatiba" izateagatik.

Horrela, PSOE eta EAJri egotzi die "ekintza politikoen bidetik lortzen ez dutena Estatu indarkeria baliatuz inposatzea".

Beren ustez, "Euskal Herriak salbuespen egoera bizi duela" argi erakusten dute "dozenaka atxiloketek, makrosumarioek, espetxe zigor luzeek, heriotza zigorrek, gazteriaren kontrako atzemateek, alderdien ilegalizazioek, torturek, ekitaldien debekuek eta azalpenik gabeko Auzitegi Nazionaleko zitazioek".

Ildo beretik, "GAL hiltzailea eta GAL juridikoa sortu zituztenak alderdien etikaz hitz egiten aritzea" salatu dute, beraiek izan baitziren "espetxe politika onartu, tortura txalotu eta babestu, Alderdien Legeaz baliatu, eta Euskal Herriaren kontrako gerra estrategia aplikatzen dutenak".

Herrialde honetan "duintasunik gabeko norbait badago, beraiek" direla ohartarazi dute, "horrela ari baitira erakusten zentsura mozioekin".

Hala, PSOEren estrategiaren helburua "ezker abertzalea isilaraztea eta desagertaraztea" dela nabarmendu dute, "badakitelako euskal gizarteari gatazka gainditzeko bide berriak ekarriko dizkion erakunde bakarra dela".

Ertzaintzaren furgoneta bat ondoan zutela, ezker abertzaleak egoera horren aurrean aurrera jarraituko duela berretsi dute.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious   Technorati Zabaldu
Igo