GARA > Azkenak >

AHT

Aramaioko alkatearen auziperatzea salatu dute AHTren kontrako udal hautetsiek

Estatuko Fiskaltzak Asier Arregi Aramaioko alkateari egozten dizkion akusazio "larriak" salatu dituzte AHTren kontrako zinegotzi eta alkateek.

19/04/2008 18:22:00

ELORRIO-. AHTren kontrako zinegotzi eta alkateek "lotsagarritzat" jo dute Estatu espainoleko Fiskaltzak herri galdeketen inguruan duen jarrera. Zehazki, Asier Agirre Aramaioko alkatearen kasuaz mintzatu dira. Izan ere, "prebarikazioa", "debekuari muzin egitea" eta "ondasun publikoak bidegabe erabiltzea" egozten dizkio.

Beraien ustez, Abiadura Handiko Trenaren alde egiten dutenak dira "ondasun publikoak beren edo beren lagunen poltsikoetara bideratzen dituzten politikariak". Azaldu dutenez, "herritarrek ondo aski dakigu askotan zirko gisa funtzionatzen duen demokrazia delako honetan politikariek aurpegi bikoitza izaten dutela, lau urtean behin aukeratu eta udaletxea, aldundia, saila edo dena delakoa beraienak bailitzan erabiltzen dituztela".

Hala, Estatu espainoleko Fiskaltzari bere esfortzuak egitasmo hori sustatzen ari direnengan zentratzeko galdegin diote, "aurkituko lituzkeen kasuak gutxi ez liratekeelako izango".

Horren guztiaren aurrean, "inposaketarekin aurrera jarraitzen duten administrazioei" adierazi diete "erabat lotsagarria" dela beren jokabidea; batetik, "beraiek direlako ondasun publikoak bidegabe eta herritarron interesen aurka erabiltzen dituztenak", eta bestetik, "herritarren iritzia ezagutzeko ekimenak kriminalizatu eta epaileen aurrera eramateak argi uzten duelako herritarrek esan eta pentsatu dezaketenarekiko sentitzen eta adierazten duten errespetu falta nabarmena dela".

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious   Technorati Zabaldu
Igo