GARA > Azkenak >

ABIADURA HANDIKO TRENA

Desjabetzeen akten altxatzea bertan behera geratu da Eskoriatzan

Sustapen Ministerio espainolak Abiadura Handiko Trenaren nahitaezko desjabetzeen akten altxatzea egitekoa zuen gaur, bihar eta etzi Eskoriatzan, baina bertan behera utzi dute, herri mobilizazioa medio.

15/04/2008 9:54:00

AzkenEzk01.jpg

ESKORIATZA-. Sustapen Ministerio espainolak nahitaezko desjabetzak eta lurrak okupatu aurretiko akten altxatzea egitekoa zuen gaur, bihar eta etzi Eskoriatzako Udaletxean, baina ahalegina hutsean geratu da.

Atzo itxialdia hasi zuten Udaletxean AHT Gelditu! Elkarlaneko 40 bat lagunek desjabetzeak arbuiatzeko, eta gaur goizean, 9.20ean Ministerioko ordezkariak Udaletxera iritsi direnean, elkarretaratze jendetsu batekin egin dute topo. Ertzainek lagunduta barrura sartzen saiatu dira, baina atea itxi egin diete eta, ondorioz, akten altxatzea bertan behera uztea erabaki dute.

Pedro Lasagabaster alkateak haiekin hitz egin du eta esan diote egoera horretan ezin zela ezer egin eta Madrilerako bidea hartu dute.

Epaiketa kartelak jartzeagatik

Plataformaren ustez, "oso garrantzi handikoa" da gaur gertatu dena, "erakutsi baita posible dela herritarren mobilizazioaz eta desobedientzia zibilaz proiektu inposatzaileen aurrean planto egin eta hauek geldiaraztea".

Horregatik, gaur arratsaldeko 19.00etan Eskoriatzako herriko plazatik abiatuko den manifestaziora joateko deia egin du.

Bestalde, AHT Gelditu! Elkarlanak jakinarazi duenez, atzo, herriko plazan AHTren proiektuaren aurkako pankartak jartzen ari ziren bost lagun identifikatu egin zituen Ertzaintzak eta, "faltak" egotzita, auzipetu egin dituzte. Heldu den astelehenean, goizeko 10.15ean, epaituko dituzte Bergaran.

Maiatzaren 6, 7, 8 eta 13an Aramaion

Gaurkoa ikusita, maiatzaren 6, 7, 8 eta 13an Sustapen Ministerioko ordezkariak Aramaiora joango direla eta, AHT Gelditu! Elkarlanak mobilizazioak iragarri ditu Arabako herri horretan.

Eskoriatzaz gain, Legution eta Arratzu-Ubarrundian ere ezin izan zuten desjabetzeen akten altxatzea egin, herri mobilizazioa zela-eta.

Atzo, Goierriko AHT Gelditu! Elkarlanak 2.100 alegazio aurkeztu zituen Ordizia-Itsasondo zatiaren nahitaezko desjabetzeen aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious   Technorati Zabaldu
Igo