GARA > Azkenak > Euskal Herria

"EGUNKARIA" AUZIA

Martxelo Otamendi: "Pozik gaude, baina partida ez da oraindik erabat bukatu"

Martxelo Otamendi "Egunkaria"ko zuzendari ohi eta egungo "Berria"ko zuzendaria pozik agertu da epaiaren berri izan ostean baina hala ere zuhur mintzatu da eta "partida" oraindik ez dela bukatu ohartarazi du. Bihar goizean agerraldia eskainiko dute Martin Ugalde Kultur parkean auzipetuek.

12/04/2010 14:14:00

DONOSTIA-. Epaiaren berri izan eta gutxira Euskadi Irratiari eginiko adierazpenetan, Martxelo Otamendik esan du sententzia "auzipetuen, 'Egunkaria'ko langileen, 'Egunkaria' enpresaren, 'Egunkaria' irakurtzen zutenen, 'Egunkaria' lagundu zutenen, 'Egunkaria'ren alde egin zutenen eta jende askoren errugabetasunaren aitortza" dela.

Pozik agertu da Otamendi, baina zuhur aldi berean eta itxaron egin beharko dela ohartarazi du, "oso litekeena" baita "galdu dutenek" Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztea. "Oso pozik gaude, baina kontuz ibili beharko dugu, partida ez da oraindik erabat bukatu eta bigarren zati bat jokatu behar da eta Auzitegi Gorena ez da futbolzelai xamurra jokatzeko", esan du.

Kalte ordainak eskatuko dituzten galdetuta, "partida osoa jokatu arte" itxaron beharko dela nabarmendu du. "Joan Mari Torrealdaik behin esan zuen bezala, lehendabizi absoluzioa, gero Justizia. Absoluzioa Gorenean ere lortu behar dugu eta absoluzioa errekurritzeko inolako aukerarik ez dagoenean aztertu beharko dugu kalte ekonomikoak" eskatu ala ez.

Auzi ekonomikoari buruz, Otamendiren iritziz "ematen du epai honen zai egon dela. Ekonomikoaren akusazio nagusia da iruzur fiskala egin izana ETArekin lotuta. Aurreko absoluzio honek esaten badu hor daudenak  –Torrealdai, Uria, Sors... –hor daudela ETAkoak direlako edo gu ETAkoak ginelako, absoluzio honen ondorioz gu ez bagara ETAkoak, delitu ekonomiko hori, ustezkoa, baldin badago, hori izango litzateke delitu ekonomiko fiskal normal bat eta atera beharko luke automatikoki Auzitegi Nazionaletik eta Tolosako epaitegira edo Donostiakora etorri, edo igual bertan behera utzi Auzitegi Nazionalean bertan. Gu ez bagara ETAkoak aurrenekoan, ez dauka zentzurik esateak delitu ekonomikoak ETArekin lotura eginda daudela", adierazi du.

Bihar, agerraldia

Otamendik berak eta Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Xabier Oleaga eta Txema Auzmendik agerraldia eskainiko dute bihar Martin Ugalde Kultur Parkean, Andoainen, goizeko 11.30ean.

Imprimatu 
Zabaldu artikuloa: Facebook Zabaldu
Igo