GARA > Azkenak > Euskal Herria

JON ANZAREN HERIOTZA

Jon Anzaren desagerpena salatzeagatik deklaratzera deitu dituzten gazteek uko egin diote joateari

Jon Anzaren desagertzea salatzeko iazko uztailaren 31n Donostian ekintza batean parte hartzeagatik atxilotu zituzten gazteek uko egin diote epaitegira deklaratzera joateari.

08/04/2010 15:31:00

DONOSTIA-. Iazko uztailaren 31n Donostiako hiru zubi nagusietan trafikoa moztu zuten bederatzi gaztek, Jon Anzaren desagerpena salatzeko. Ertzaintzak haien aurka eta babestera joan ziren pertsonen aurka oldartu zen eta guztira hamaika lagun atxilotu zituen.

Haien aurka diligentziak ireki zituzten epaitegietan, baina gazteek uko egin diote deklaratzera joateari.

Donostiako epaitegiaren aurrean eskaini duten agerraldian salatu dutenez, "beste behin ere gu kriminalizatu eta isilarazi nahi izan gaituzte Jonen erailketa salatu eta gerra zikina agerian utzi dugulako".

Nabarmendu dutenez, uko egin diote deklaratzeari eta "zuen jokoan sartzeari", eta horren ordez honako galdera egin diete Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Nicolas Sarkozyri: "Zer egin duzue Jonekin?".

Heldu den apirilaren 17an Donibane Lohizunen egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Imprimatu 
Zabaldu artikuloa: Facebook Zabaldu
Igo