ABERRI EGUNA
350 lagun bildu dituzte Aralarrek eta ABk Urruñan
Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak Urruñan ospatu dute elkarrekin Aberri Eguneko ekitaldia, gaur arratsaldean.
03/04/2010 19:18:00
URRUÑA-. Abertzaleen Batasunak eta Aralarrek 350 lagun inguru bildu dituzte gaur arratsaldean Urruñan, Aberri Eguneko ekitaldian. Alderdi horietako aurpegi ezagunenez gain, EA (Maiorga Ramirez, Haritza Camblong), Alternatiba (Jon Lasa, Jon Albisu), eta ERCko (Marta Rovira) ordezkariak izan dira ekitaldian.
Patxi Zabaletak eta Andde Sainte-Mariek hartu dute hitza, beste batzuen artean. Zabaletak abertzaleen arteko akordio politikoaren beharra nabarmendu du baina horretarako ETAk oztopo izaten jarraitzen duela esan du. Aste honetan Bruselan nazioarteko hainbat pertsonalitatek izenpetu duten agiriaren ildotik, ETAk eta Gobernu espainolak bertan agertzen diren eskakizunak bete behar dituztela adierazi du; erakunde armatuari behin-betiko su-etena eskatu dio eta Madrili tamainako erantzuna eman dezala. Egin beharreko urrats guztiak "zuhurtasunez, zintzotasunez eta tinkotasunez" egin behar dira Aralarreko koordinatzaile nagusiaren iritziz.
Sainte-Mariek, berriz, autodeterminazio eskubidea aldarrikatu du eta horretaz gain euskal preso politikoak ere gogoan izan ditu bere hitzaldian. Hala, espetxeetan "usteltzen" ez dituztela utziko esan du. "Indar bizia bezala behar ditugu herrian eta etxean", aldarrikatu du.
Aralarrek eta ABk Independentistak ekimenak bultzatuta bihar Hendaia-Irunen ospatuko den Aberri Egunera ordezkaritza bana bidaliko dutela iragarri zuten.





