KOREA
Tentsioa Ipar eta Hego Korearen artean
Ipar eta Hego Korearen artean berriro ere tentsioa sortu da, lehenak hainbat misil jaurti dituela-eta.
28/03/2008 10:30:00
SEUL-. Yonhap agentzia hegokorearrak zabaldu duenez, Ipar Koreak hainbat misil -hiru eta lau artean- jaurti ditu mendebaldeko kostan, maniobra militar batzuen baitan.
Atzo, Ipar Koreak bi herrialdeek Kaesong industria gunean duten bulegotik Gobernu hegokorearraren funtzionari guztiak kanporatu zituen, Seulek Pyongyang-i giza eskubideen alorreko politika hobetzeko eta desarme nuklearrerako negoziazioak ez atzeratzeko eskatu eta gero.
Zenbaitek uste du misilen jaurtiketa eta funtzionarioen kanporaketa AEBei eta Seulgo Gobernu berriari igorritako abisuak izan litezkeela, baina Hego Koreako Estatu Nagusiak maniobra militarrak besterik ez direla izan esan du.
Akusazioak
Estatu Batuek diotenez, Ipar Koreak uranioa aberasteko programa bat dauka, deklaratu gabea, baina Pyongyang-ek dio hori ez dela egia. Ipar Koreako Atzerri Ministerioko bozeramaile batek desnuklearizazio prozesua atzeratzea leporatu dio Washingtoni eta AEBek Ipar Koreari jarri dizkioten baldintza "bidegabeak" erretiratzeko exijitu du.
Hego Koreako lehendakari berriak, Lee Myung-bak-ek, Ipar Korearekiko jarrera aldaketa iragarri du eta esan du herrialde horrek Hego Koreako Gobernu ezkertiarrengandik azken hamar urteotan jaso dituen diru-laguntzekin amaitu nahi duela. Diru-laguntza horiek ordainetan ia ezer eskatu gabe eman ditu Seulek, egonkortasunaren truke.
Presidente berriaren arabera, prest daude Ipar Korean dirutza handia inbertitzeko, baina betiere Pyongyang-eko Gobernuak desarme nuklearra gauzatzen badu.




