HIZKUNTZA ESKUBIDEEN EGUNA
"Urratsez urrats Euskal Herri euskalduna eraiki!" lelopean Hizkuntza Eskubideen Eguna, Atarrabian
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak antolatuta, datorren apirilaren 6an Hizkuntza Eskubideen Eguna izango da Atarrabian "Urratsez urrats Euskal Herri euskalduna eraiki!" lelopean.
27/03/2008 19:01:00

ATARRABIA-. Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak agerraldia egin du gaur Atarrabian, datorren apirilaren 6an herri berean ospatuko den V. Hizkuntza Eskubideen Egunaren berri emateko.
Bertan azaldu dutenez, "administrazio ezberdinetan euskaraz aritzeko ezintasuna agerikoa da eta egunez egun gure hizkuntza eskubideak urratuak aurkitzen dira".
Horren adibide asko daudela gaineratu dute, esaterako, ikastetxean euskarazko plazen kopurua eta eskaria bat ez datozela. Horri erantzuteko, Atarrabian bertan "Atarrabia euskaldundu" kanpaina abiarazi zuten iaz.
Ezintasun horiei aurre egiteko, gainera, "euskararentzat ofizialtasuna lurralde osoan ezarriko duen marko berria aldarrikatu eta hizkuntza eskubideak bermatzeko hizkuntza politika berri bat galdegiteko" ordua dela adierazi dute. Horretarako baliatuko dute datorren apirilaren 6ko aldarrikapen jaialdia.
"Herritarrok dugu giltzarria Euskal Herri euskaldunerantz bidea egiten joateko, urratsak ematen joateko", azaldu dute, eta "agintariek azken urteetan aurrera eraman duten politika ez-eraginkor eta desaktibatzaileak atzean utzi eta guk geuk euskararen lema hartzeko unea" dugula gaineratu dute.
Egitaraua
Egitarau aberatsa antolatu dute apirilaren 6rako. Haurrek aisialdi parada ugari izango dituzte goizeko 11.00etatik aurrera. Arratsaldeko 13.00etan manifestazioa izango da udaletxe plazatik eta amaieran, ekitaldi nagusia izango da toki berean.
Beranduago herri bazkaria izango da udaletxe plazan 12 euroren truke, eta arratsaldean haurrentzako puzgarri eta jokoez gain, dantzaldia eta kontzertua izango dira 17.00etan Tximeleta eta Hesian taldeekin.




