EUSKAL PRESO POLITIKOAK
Inmigrazio Departamentuko funtzionario batek erabakiko du Iban Apaolazaren kanporaketari buruz
Iban Apaolaza iheslari politikoa epaitzen ari dira Montrealen, Kanadan. Inmigrazio Departamentuko funtzionario batek erabakiko du kanporaketari buruz.
27/03/2008 16:17:00
MONTREAL-. Iban Apaolazaren aurkako epaiketa asteazkenean hasi zen Montrealgo inmigrazio dibisioaren aurrean, eta bihar amaituko da, Askatasunak jakinarazi duenez.
Inmigrazio Departamentuko funtzionario batek erabakiko du beasaindarraren kanporaketari buruz, eta ez epaile judizial batek.
Defentsak behin eta berriro salatu du Apaolazaren aurkako inputazioak Ana Belen Eguesek inkomunikatuta eduki zuten bitartean egindako adierazpenetan oinarritzen direla, eta Eguesek torturak salatu zituela epailearen aurrean.
Beasaindarra iazko ekainaren 20an atxilotu zuen Polizia kanadiarrak Quebec-en, eta ordutik Montrealgo Riviere de Prairies espetxean daukate preso.
Apaolazaz gain, beste euskal herritar bat dago preso Kanadan: Bittor Tejedor, Vancouverren. Inmigrazio Departamentuak haren kanporaketari argi berdea eman zion baina defentsak helegitea aurkeztu zuen.
Salaketa
Askatasunak gogor salatu du azken hilabateetan "munduko hainbat herrialdetan eta Euskal Herrian bertan ematen ari den euskal iheslari politikoen aurkako sorgin ehiza".
Gogora ekarri du gatazka politikoaren ondorioz ehunka herritarek ihes egin behar izan dutela azken urteotan, "tortura eta espetxea ekiditeko helburuarekin", eta Apaolazaren kasuan, Estatu espainolera kanporatua izateko arriskuan duela, "horrek dakarren tortura arrisku larriarekin".
Iheslarien aurkako jazarpena "Estatu espainolak independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko aurrera daraman estrategiaren baitan" kokatu du Askatasunak eta iheslariek Euskal Herrian bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu du.




