GARA > Azkenak >

ARTZAIN EGUNA

Idiazabal gazta gaztea aurkeztu dute Ordizian

Koldo Rodero sukaldari tolosarrak moztu du aurtengo Idiazabal gazta gaztea Ordiziako udaletxean, eta aurretik, bi mila ardi inguru abiatu dira herriko kaleetan barrena. Giroa, aparta.

26/03/2008 17:11:00

AzkenEzkartz.jpg

ORDIZIA-. Goizeko 9.00etatik aurrera hasi dira aurtengo Artzain Eguneko ekitaldiak Ordizian. Ordu horretarako ikusgai zen ahari eta ardien erakusketa-lehiaketa. Ordu berean, gainera, Eusko Labela duen esne bildotsa burruntzian prestatu dute, Karlos Ibarrondok egina.

Beranduago iritsi dira ordea jai horretako gonbidatu bereziak, bi mila arditik gora izan dira Ordiziako kaleetan barrena.

Eguraldiak ez du batere lagundu baina hala ere jende andana bildu da euriari aurre eginez eguna pasatzeko asmoz Ordizian.

Goizeko 11.15ean izan da ekitaldi nagusia. Ordu horretan Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpen ofiziala egin dute udaletxeko Batzar Aretoan. Koldo Roderok, Iruñeko Rodero jatetxeko sukaldari eta nagusiak ebaki du gazta.

Aldez aurretik ordea, Peio Garcia Amiano gazta eta gastronomia munduan buru belarri ari den aditua omendu dute. Era berean, Jose Luis Lasa Kalparsoro omendu dute, berriki hildako gaztaren defendatzailea.

Bi sari ere banatu dituzte. Alde batetik, Sunbillako Luis Vicente Larrarteren izenean bere seme Arkaitzek jaso du gaztandegi saria, eta bestetik Gereñuko Hnos. Audicana Saez de Bikuña S.C.k artisau-egilearen saria.

Bestalde, Ordiziako ohiko azoka ere izan dute hara gerturatutakoek, fruitu eta barazki anitzekin. Horrezaz gain, beste hainbat postu ere izan dira, horien artean, taloena edo euskal pastelarena.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious   Technorati Zabaldu
Igo