ABERRI EGUNA
EAJk bere "kontratu berria" aurkeztuko du Bilbon; EAk Gernikan du hitzordua
EAJk, azken urteetan bezala, Bilbon egingo du Aberri Egunaren ekitaldi nagusia. EAk, berriz, Gernikan finkatu du hitzordua.
22/03/2008 11:12:00
BILBO-. Beste behin ere, azken urteetan bezala, Bilboko Plaza Berrian egingo du EAJk Aberri Eguneko ekitaldia, eta bertan hitza hartuko dute Juan José Ibarretxe lehendakariak eta Iñigo Urkullu buruzagi jeltzaleak.
Azken hauteskundeetan izandako emaitza kaskarrek hautsak harrotu dituzte EAJn, eta azken egunetan alderdi honetako hainbat eledunek Ibarretxek bultzatutako galdeketa kolokan jarri dute. Eledun hauek guztiek PSOErekin akordio batera heltzeko aukera hobetsi dute, gainontzeko auziak alde batera utzita.
Testuinguru honetan, Urkulluk iragan asteburuan herritarrekin "kontratu berri bat" egin nahi dutela adierazi zuen EAJren Nazio Batzarrean, eta, hain zuzen, Euskadi 2020 izeneko ekimen hau aurkeztuko dute Bilboko ekitaldian.
Aberri Eguneko ekitaldiaren aurkezpenean, BBBko buru Andoni Ortuzarrek adierazi zuen bere alderdiaren helburua 2008a "akordio politikorako urtea" izatea dela.
EA, Gernikan
Bilbotik kilometro gutxira, Gernikako Merkatu Plazan, EAk hitzordua jarri die bere jarraitzaileei. Unai Ziarreta eta Joseba Azkarragak hartuko dute hitza ekitaldian, kasu honetan ere hauteskundeetan izandako eroriko handia oraindik gogoan dutela. Asteazkenean egin zuten Ziarretak eta Azkarragak Aberri Eguneko ekitaldiaren aurkezpena, eta EAko presidenteak adierazi zuen erabakitzeko eskubidea Europako Batasunean lekua duen "printzipio demokratikoa" dela aldarrikatuko dutela. Ziarretak adierazi zuen, gainera, EArentzat ez dela nahikoa PSOEk estatutuaren erreforma eskaintzea.




