EUSKARA
Euskararen gramatika osoa, sarean kontsultagai
Sareko Euskal Gramatikaren (SEG) atal guztiak Interneten kontsulta daitezke gaurtik aurrera.
31/03/2011 14:12:00
BILBO-. UPV/EHUko Euskara Institutuak prestatutako Sareko Euskal Gramatikaren atal guztiak (SEG) sarean daude gaurtik aurrera, erabiltzaileen eskura, www.ehu.es/seg atarian.
Sareko Euskal Gramatikak bi berezitasun nabarmen ditu. Alde Batetik, Interneten dagoenez, gramatika arruntetan ageri ez diren hainbat lanabes erabiltzen dira sarean, hala nola testuak, argazkiak, irudiak eta kanpoko eta barneko estekak, besteak beste. Alde horretatik, gramatika guztiz "berritzailea" dela nabarmendu dute arduradunek.
Beste alde batetik, gramatika bat egiteko gramatikariek erabiltzen dituzten materialak bere horretan ematen dira: testuak, hiztegiak, hitzen erabilerak, euskalkien berriak... Horiek guztiak modu autonomoan kontsulta daitezke.
Horrekin batera, gramatika batean ageri ez diren gaiak ere ikusi ahal dira: hizkuntzaren jabekuntza, prozesamendua, fonetika eta fonologia, zalantzak argitzeko tokiak eta abar.
Proiektu honetan materiala etengabe gehitu da eta datozen hilabete eta urteetan ere sartzen jarraituko dute arduradunek. Horregatik, atal batzuk beste batzuk baino landuagoak daude.
Euskarari dagokionez, "modernoa", gaur egungoa erabili da. Hiztegiaren atalean 2000tik aurrera idatzitako testuak bakarrik hartu dira kontuan, hau da, Euskaltzaindiak "Hiztegi Batua" argitara eman zuenetik.


