JON ANZAREN HERIOTZA
Jon Anzaren senide bat deitu du deklaratzera Ertzaintzak
Ertzaintzak Jon Anzaren senide bat deitu du deklaratzera, joan zen igandean Donostian egin zen manifestazioaren harira.
19/03/2010 11:06:00
DONOSTIA-. Amnistiaren aldeko mugimenduak azaldu duenez, Jon Anzaren senide bat deitu du Ertzaintzak komisariara deklaratzera joateko, joan zen igandean Donostian egin zen manifestazioaren amaieran irakurri zen testuagatik.
"Terrorismoa goratzea" leporatzen diote eta bere aurkako espedientea ireki dute, iturri horren arabera.
Amnistiaren aldeko mugimenduak gogor salatu du Jon Anzaren senideak jasaten ari diren "bazterketa eta jazarpen egoera" eta "errepresioaren jomugan" jarri dituztela esan du, "Jonen hilketa gerra zikinari egotzi ondoren Espainiako Entzutegi Nazionalaren mehatxupean daudelarik".
Manifestazioren ondotik Rodolfo Ares Lakuako Barne Sailburuak iragarri zuen manifestazioaren atestatua Auzitegi Nazional espainolera igorriko zuela, eta halaxe egin zuen. Biharamunean Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro espainolak lekukoa hartu zion eta polizia indarrak "iraindu" zituztenak auzitara eramango dituela jakinarazi zuen.





