ZABORREN KUDEAKETA
Usurbilgo Ituna sinatu dute hainbat alderdi, sindikatu eta taldek
Hondakinen gaikako bilketa eta konpostajea aldarrikatzen dituen Usurbilgo Ituna sinatu dute alderdi politiko, sindikatu eta hainbat gizarte eragilek. Foru Aldundiari erraustegiaren proiektua sei urtez atzeratzeko eskatu diote.
12/03/2010 15:13:00
DONOSTIA-. Aralar, EB, Berdeak, Alternatiba eta ezker abertzaleak, ELA, LAB, CCOO, EHNE, STEE-EILAS, ESK eta Hiru sindikatuek eta hainbat gizarte eragilek –Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, Errausketaren aurkako Koordinakundea– Usurbilgo Ituna deritzona sinatu dute gaur Donostiako Kursaal jauregian.
Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkateak azaldu duenez, hondakinen auzian osasuna da lehenesten duten irizpidea, guztien gainetik, baina gainontzekoak alde batera utzi gabe: ingurumena, ekonomia, lanpostuak.
Esan duenez, Gipuzkoarako "zero zabor" programa ezarri eta garatzeko beharrarekin bat egiten dute eta programa horrek gaikako bilketa eta konpostajea konbinatu beharko dituela uste dute, horiek baitira beren iritziz hondakinen arazoa konpontzeko ardatz nagusiak.
Ildo horretan, ontzat ematen dituzte ahalik eta materia organiko gehien jasotzea ahalbidetzen duten sistemak, Usurbilen ezarri duten atez atekoa bereziki. Sinatzaileen ustez, sistema hori da eraginkorrena, gaikako bilketa %85era iristen baita. Emaitzak "berehalakoak" direla nabarmendu dute –Usurbil %76ra heldu zen lehen lau asteetan– eta gaikako bilketa-sistemarik merkeena dela. Horretaz gain, lanpostuak sortzen dituela aipatu dute.
Usurbilgo Ituna izenpetu dutenek Gipuzkoako Diputazioari eskatu diote sei urteko luzamendua ezar diezaiola Zubietan eraiki nahi duen erraustegiari. Urte horietan "zero waste" programa ezarri beharko lukeela uste dute, herri bakoitzera egokitutako gaikako bilketa sistemarik onena eta konpostajea konbinatuta. Sinatzaileen aburuz, sei urte nahikoa dira "hondakinak errausketarik gabe kudeatzeko gai ote garen ebaluatzeko".





