HERRI GALDEKETA
Hautesleen %91,5ek parte hartu ahal izango du Bateraren kontsultan
193 kontsulta bulego ezarriko ditu heldu den igandean Batera plataformak Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko 122 herritan. Bozka emateko eskubidea duten herritarren %91,5ek parte hartu ahal izango du.
09/03/2010 14:29:00
BAIONA-. Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Behereko hautesleen %91,5ek bozkatu ahal izango dute heldu den igandean Baterak hiru herrialde horiek bilduko lituzkeen erakunde baten alde dauden ala ez jakiteko antolatu duen herri galdeketan.
Kazeta.infok jasotzen duenez, guztira 155 herri daude hiru herrialde horietan eta 122tan izango dira bozkatzeko bulegoak. Zehazki, 193 hautesleku egongo dira, plataformak azaldu duenez.
Daniel Olçomendi Izurako auzapezak datu gehiago eman ditu: Garazi-Baigorri kantonamenduko herri guztietan egingo da kontsulta; Maulekoan hautesleen %91k izango du boza emateko aukera eta Atharratzekoan %69k.
Kostaldeari dagokionez, Biarritz-Angelu-Baiona eremuan mahaiak ezarriko dituzte eta Hendaia eta Donibane Lohizuneko kantonamenduetako herri guztietan egingo da herri galdeketa.
Prefetaren gutuna, "soberan"
Jean René Echegaray Baionako herri kontseilariak Pirinio Atlantikoetako prefetak auzazpez guztiei igorri zien gutuna izan du hizpide. Bere esanetan, "soberan zen beste gutun bat" idatzi du Philippe Rey prefetak. Estatuaren ordezkariak Ipar Euskal Herriko auzapezak "mespretxatu" dituela eta "demokraziari beldur diola" uste du abokatuak eta Frantziako Konstituzioa ardatz hartuta banan banan prefetak emandako argudioak indargabetu egin ditu.
Jakes Bortairuk, berriz, kontsulta lasai eta "biziki untsa" pasako dela nabarmendu du eta baliozkoa izango ez bada ere, Baterak bozketa ofizial baten arauak beteko dituela erantsi du.
Bozkatzeko tokiak argi seinalatuko dituzte, boz-paperak, hautestontziak, gordelekuak eta hautesleen erroldak baliatuko dituzte. Erroldatuta ez dauden herritarrek ere iritzia emateko aukera izango dute –koaderno batean agertuko dira haien izenak–, nahiz eta botoen zenbaketa ofizialean aintzat ez duten hartuko.
"Nehorren kontra ez goaz, jendartearen alde baizik. Horregatik, eta oroz gainetik, herritarrak parte hartzeko deitzen ditugu", laburbildu du Bortairuk.





