GARA > Azkenak >

HAUTESKUNDEAK SALBUESPEN EGOERAN

Hezkuntza eragileek abstentzio aktiborako deia egin dute

Dozenaka hezkuntza eragilek bat egin dute gaur Iruñean datorren martxoaren 9an abstentzio aktiboaren hautua plazaratzeko. Hezkuntza sistema nazionalaren beharra azpimarratu eta independentziaren aldeko aldarrikapenak egin dituzte.

28/02/2008 17:40:00

AzkenEzkiru.jpg

IRUÑEA-. Ikastola, eremu publiko euskaldun eta unibertsitateetako ikasle, irakasle, langile eta gurasoek hezkuntza eremuan berpizten ari diren erasoaldiez ohartarazi dute.

Azken hilabeteetan Euskal Herriko panorama politikoan jazotako erasoak gogoratu ostean, PP eta PSOE euskal hezkuntza sisteman gauzatzen ari diren estrategiak salatu dituzte.

Horrela, euskal hezkuntza komunitateko kideek "ez esango diegu iruzurrei", eta "ez esango diegu erreforma estatutario edo operazio politikoei".

Euskal Herria munduko beste edozein herri bezala garatzeko eta bertako biztanleen hizkuntza eta kultura eskubideak eskuratzeko, euskal hezkuntza sistema nazionalaren aldeko apusuta berretsi dute, "dagozkigun herri eskubideen bermerako aukera bakarra" dela uste dutelako.

Ildo beretik, "hezkuntza sistema nazionalaren eta bere baitako proiektu zehatzen eraikuntzan aritzeko konpromisoa" hartu dute, "Euskal Herriko kultur ondarea belaunaldi berriei transmititzeko tresna izan behar duen curriculum propioa gure eskoletan irakatsi eta ikasteko, eskolaren bitartezko euskararen ezagutzarako neurriak hartzeko, edota euskalduna izango den unibertsitatearen eta unibertsitate sistemaren alde lanean aritzeko".

Era berean, martxoaren 9an abstentzio aktiborako deia luzatu dute, "Estatu honi ez diogulako inolako zilegitasunik aitortzen", "EAJk eta NaBaik dituzten asmo iruzurtiei harresia jartzeko modurik eraginkorrena iruditzen zaigulako".

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious   Technorati Zabaldu
Igo