ATXILOKETAK
Igerategi eta Otañoren atxiloketak salatzeko manifestazio jendetsua egin dute Andoainen
400 lagun inguru bildu dira Andoainen gaur eguerdian Gernikako Akordioaren sinatzaileek deituta, Iñaki Igerategi eta Inaxio Otaño "Ttintto"ren atxiloketak salatzeko.
25/02/2012 13:12:00
ANDOAIN-. Manifestazioa eguerdia pasata atera da Goiko plazatik eta Zumea plazan bukatu da.
Gernikako Akordioaren sinatzaileek deituta, 400 lagun inguru bildu dira Iñaki Igerategi eta Inaxio Otaño "Ttintto"ren atxiloketa eta espetxeratzea salatzeko.
"Bake bidean atxiloketarik ez. Konponbide garaia da" leloa zuen pankartak nagusiak. Igerategi eta Otañoren askatasuna aldarrikatu dute manifestariek eta jasandako torturak ere salatu dituzte.
Ezker abertzaleko Rufi Etxeberria izan da mobilizazioan eta Igerategik eta Otañok salatu dituzten tortura eta tratu txarren aurrean "jarrera argia" eskatu die gainerako indar politikoei. Atxiloketak aro politiko berriarekin eta gizartearen gehiengoaren nahiarekin bat ez datozela ere nabarmendu du.


