GARA > Azkenak > Euskal Herria

EUSKAL PRESO POLITIKOAK

Patxi Gomezen askatasuna eskatzeko manifestazioa egingo dute datorren larunbatean

Ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, Bilgune Feminista, Eleak, LAB, STEE-EILAS, ESK, Etxerat, Herrira, ESAIT eta gazte independentistek iragarri dute gaur goizean mobilizazioa.

11/02/2012 13:35:00

AzkenEzkgom.jpg
Gaur goizean elkarretaratzea egin dute Ortuellan Patxi Gomezen askatasuna eskatzeko. (Jon HERNAEZ / ARGAZKI PRESS)

BILBO-. "Konponbidearen alde, atxiloketarik ez, Patxi askatu!" izango da datorren larunbatean Ortuellan egingo duten manifestazioaren leloa.

Eguerdiko 12.20etan abiatuko da mobilizazioa eta ostegunean Bilbon atxilotutako Patxi Gomezen askatasuna eskatzea du xede.

Polizia espainiarrak atxilotu zuen Gomez Auzitegi Gorenak luzatutako zigorra betetzeko. Gomezek hogei urte egin zituen preso, eta 2009an askatasunean zen, baina orain beste hamar urterako espetxeratu dute.

Ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, Bilgune Feminista, Eleak, LAB, STEE-EILAS, ESK, Etxerat, Herrira, ESAIT eta gazte independentistak eragile sozial eta politikoek egin dute deialdia.

Adierazi dutenez, gaixorik dauden presoak eta zigorraren hiru laurdenak beteta dauzkatenak askatzeko eta presoen sakabanaketari bukaera emateko ere eskatuko diote larunbateko manifestazioan.

Gaur eguerdian ere Ortuellako Udaletxeak deituta elkarretaratzea egin dute Ortuellan Gomezen atxiloketa salatzeko eta atzo EAJ, PSE eta Bilduko zinegotziek mozio bat adostu zuten preso politikoaren egoera salatuz.

Imprimatu 
Zabaldu artikuloa: Facebook
Igo