GARA > Azkenak > Ekonomia

LAN ERREFORMA

Amaiurren iritziz, erreformak "patronalaren gehiegikerien aurrean babesik gabe" uzten ditu langileak

Gobernu espainolak onartu duen lan erreforma gogor kritikatu du koalizio abertzaleak, lan merkatuaren "desegituraketa handitzen" duela argudiatuta.

10/02/2012 18:28:00

BILBO-. "Gaur onartutako neurriek, azken 50 urteotan eskuratutako garaipen eta lorpen sozialak murrizteaz batera, lan merkatuaren desegituraketa handitzen" dutela adierazi du, prentsa ohar baten bitartez, Amaiur koalizioak.

Gainera, lan erreforma berriak, langileak "patronalaren gehiegikerien aurrean babesik gabe" uzten dituela uste du Amaiurrek.

Zentzu horretan, PPk sektore pribatuarekiko duen "erabateko morrontza" arbuiatu dute. Izan ere, "beste behin ere, agerian geratzen da enpresariak direla Espainiako estatuko enplegu eta politika ekonomikoak zuzentzen dituztenak".

Agertoki honen aurrean, "gure enplegu politikak garatze aldera, lan harremanen esparru propioa izateko euskaldunok dugun beharrizana berresten" duela azpimarratu du Amaiurrek.

Horrez gain, Amaiurrek dei egin du lan erreformaren onarpenari "erantzun tinkoa" ematera, eta biharko deituta dauden mobilizazioetan parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Imprimatu 
Zabaldu artikuloa: Facebook
Igo