GARA > Azkenak > Euskal Herria

ABERRI EGUNA

Aberri Egun "mundiala" ospatuko du Independentistak Sareak apirilaren 8an, Iruñean

2012ak nazio gisako "hausnarketa sakona egitea" eskatzen duel iritzi dio Independentistak Sareak eta Aberri Egun "mundiala" antolatu du apirilaren 8rako Iruñean, Euskal Herrian ez ezik, independentziaren aldarria nazioartera ere zabal dadin.

08/02/2012 14:10:00

AzkenEzkinp.jpg
Independentistak Sarearen ordezkariek Iruñean egin dute agerraidia. (Idoia ZABALETA/ARGAZKI PRESS)

IRUÑEA-. Independentziaren aldeko Aberri Egun "mundiala" antolatuko du Independentistak Sareak datorren apirilaren 8an Iruñean eta 2012. urtearen "garrantzi sinbolikoa baliatuz" nazio hausnarketarako deia zabaldu dio euskal jendarteari.

Aurtengoa "erronka garrantzitsua da independentziaren aldeko mugimenduarentzat. 1512ko Nafarroako konkistaren 500. urteurrena eta 1937ko Gernikako bonbardaketaren 75.a betetzen dira aurten, gure herriaren historian eta imajinario kolektiboan garrantzi eta eragin handia duten gertakizunen urteurren borobilak. Honi gehitu behar dizkiogu azken hilabeteetan irekitzen ari den aro berriak piztu duen ilusioa eta independentisten arteko elkarlanerako zabaldutako baldintza berriak. Aukera historikoa da herriaren erabakiari atea irekitzeko eta independentziari argi berdea pizteko", nabarmendu dute Iruñean egindako agerraldian.

Apirilaren 8an, Aberri Egunean, ekitaldi nagusia Iruñean izango da, eta egun osoko egitaraua izango du. Baina, era berean, munduan zehar hamaika tokitan independentziaren aldeko ekimenak antolatzen saiatuko da Independentistak Sarea. "Aurten benetan Aberri Egun mundiala ospatu behar dugu mundu osoko euskal independentistok bat eginik", esan dute.

Ildo horretatik, Euskal Herriko eta mundu osoko "euskal independentista guztiok bat eginik aldarrikatu behar dugu hemen herri bat martxan dagoela eta ez dela geldituko helburu nagusia lortu arte: independentzia lortu arte". Hala, datorrena Aberri Egun jendetsua eta esanguratsua izateko deia zabaldu dute.

Imprimatu 
Zabaldu artikuloa: Facebook
Igo