EUSKAL PRESO POLITIKOAK
Puerto III espetxean dauden Joseba Esparza, Xabier Rey eta Jose Lerinen senide eta lagunek istripua izan dute
Puerto III presondegian (Cadiz) dauden Joseba Esparza, Xabier Rey eta Joseba Lerinen senide eta lagunek istripua izan dute Irurtzunen, Etxeratek jakinarazi duenez.
05/02/2012 17:25:00
BILBO-. Prentsa ohar batean adierazi dutenaren arabera, ezbeharra gaur goizean jazo da, 9.30ak inguruan, Esparza, Rey eta Lerinen senide eta lagunak bisitatik etxera bidean zirela.
Esparza eta Reyren lagun bana eta Lerinen arreba izan dira, Etxeraten esanetan, istripua izan dutenak. Errepidean sortutako izotz plaka baten ondorioz, autoa labaindu egin da, eta bide bazterreko hesia jo du. Autoak kalte larriak dituen arren, bidaiariak onik atera dira.
Etxerat elkarteak gogoratu duenez, frantziar zein espainiar Gobernuek indarrean mantentzen duten sakabanaketa politikak hamahiru ezbehar eragin zituen iragan urtean. Gaurko istripua 2012ko hirugarrena izan da.
Hori dela-eta, euskal preso politikoen senide eta lagunen elkarteak egungo espetxe politika aldatzea exijitu du, "konponbide klabeetara" eramanez. Bide horretan, gaixotasun larriak eta zigorra betea duten presoak askatzeko eskatu dute.


