EUSKAL PRESO POLITIKOAK
Pello Odriozola askatzeko eskatu dute, preso sartu zuteneko 24. urtemugan
Pello Odriozola tolosarrak 24 urte bete ditu gaur espetxeratu zutenetik. Egin Dezagun Bidea ekimenak eta Lizardi Kultur elkarteak elkarretaratzea deitu dute otsailaren 2rako, "Pello etxera orain" lelopean.
28/01/2012 13:39:00
TOLOSA-. Egin Dezagun Bidea ekimeneko eta Lizardi Kultur Elkarteko kideek agerraldia egin dute gaur eguerdian, Pello Odriozola espetxeratu zuteneko 24. urteurrenaren harira.
Odriozola duela 24 urte atxilotu eta espetxeratu zutela gogora ekarri dute, eta urte hauetan guztietan hainbat espetxetan sakabanatuta eduki dutela. Egun Zueran dago, nahiz eta ezarritako zigorra 2008ko uztailaren 2an bete zuen. Beraz, duela hiru urte eta erdi aske behar zuela nabarmendu dute.
Beste hainbat presori bezala, Odriozolari ere kondena luzatu zioten beste hamar urtez, "Parot" delako doktrina aplikatuta.
"Legedia bihurritu dute zigor osoa beteta duen euskalduna bertan mantentzeko, zigorra bidegabeki luzatzeko. Legedia mendeku zital bihurtu dute, egoera politikoaren esanetara dago gaur egun Espainiako justizia, inpartzialtasuna auzoan dute epaileek", salatu dute.
Aldiz, Joxi Zabala eta Joxean Lasa "bahitu, torturatu, hil eta gorpuak karez estali zituztenak" zigorraren %5 beteta kalean daudela gogoratu dute.
"Bidegabekaria handi hau" salatzeko, otsailaren 2an elkarretaratzea antolatu dute Tolosako Trianguloan, 19.30ean, "Pello gurekin nahi eta behar dugu. Pello etxera orain" lelopean.


