EUSKARA
Lodosako Ibaialde ikastolak bizi duen egoera larriaz ohartarazi dute
Nafarroa hegoaldeko ikastolek egoera larria bizi dutela ohartarazi du Ikastolen Elkarteak, eta bereziki Lodosako Ibaialde ikastolarena aipatu du. Hori dela-eta, behar ekonomikoei aurre egiteko hainbat ekitaldi egingo dira.
23/01/2012 12:15:00
IRUÑEA-. Inguruko herrietan euskarazko hezkuntza eskaintzen duen zentro bakarra den arren, Lodosako Ibaialde ikastolak egoera larria bizi duela jakinarazi du Ikastolen Elkarteak.
"Ixteko zorian" dagoela zehaztu dute.
Hori dela-eta, datorren urtarrilaren 26an ikastola guztietan gaia jorratuko dute ikasleekin, eta zentroek diru-ekarpen zuzena egingo dute: Ikastolen Elkartean matrikulaturik dagoen haur bakoitzeko euro bat emango diote Lodosako ikastolari. Gainera, honako kontu hau ireki dute ekarpenak egin ahal izateko: 3035 0153 46 1531026051.
Horrez gain, nahiz eta Ikastolen Elkarteak antolatuta izan ez, jarduera gehiago egingo dira Lodosako ikastola babesteko asmoz. Horien artean dago datorren otsailaren 5ean Sartagudan egingo duten jaialdia. Bertako ikastolaren 25. urteurrena baliatuta, egitarau oparoa prestatu dute: kontzertuak, herri kirol erakustaldiak, bertsoak...


