HERIOTZA
Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" hil da
ETAren sortzaileetako bat izan zen hizkuntzalari, idazle eta politikaria gaur goizean hil da. Hil kapera Donostiako Errekalde auzoko beilategian da gaur arratsaldetik biharko 15.15ak arte. Errausketa familia giroan egingo dute bihar.
14/01/2012 13:25:00
DONOSTIA-. Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi" hizkuntzalari, idazle eta politikaria gaur goizean hil da.
1927ko irailaren 27an jaio zen Donostian eta ETAren eta Herri Batasunaren sorreran parte hartu zuen. Aralar alderdiaren sorreran ere parte hartu zuen, baina 2007an alderdia uztea erabaki zuen.
Euskara batuaren sorreran ere lagundu zuen eta Euskaltzain urgazle zen 1957tik.
"Txillardegi"-k bere kabuz ikasi behar izan zuen euskaraz, gurasoek ez baitzioten irakatsi.
Bilbora Ingeniaritza ikasketak egin zituen eta ikaskide batzuekin batera Ekin taldea sortu zuen.
EAJk agertzen zuen jarrera pasiboa dela-eta, Ekinekoek beste erakunde bat sortzea erabaki zuten: Euskadi Ta Askatasuna. Hain zuzen ere, ETA sigla Txillardegik berak asmatu zuen.
Bere idazle ibilbidea ere oparoa da eta euskal literaturan berrikuntza nabaria ekarri zuen "Leturiaren egunkari ezkutua" eleberriarekin.
"Txillardegi" izengoitiaz ezaguna zen arren, "Igara", "Usako" eta "Larresoro" ezizenak ere erabili izan zituen idazlanetan.
Aldizkari askotan kolaboratzaile izandakoa da eta Branka aldizkariaren sortzailea. Bat soziolinguistikako aldizkariko zuzendaria izan zen, 1992tik 2002ra.
Erreakzioak
Kultura zein politikagintzatik hainbat izan dira "Txillardegi"-ren inguruan mintzatu direnak. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Txillardegiren ausardia nabarmendu du franskimo garaietan ETAren sorreran parte hartu zuela gogoratuz.
Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuordeak soziolinguistika alorrean egindako lanak gogoan izan beharrekoak direla ere esan du.
Miren Azkarate Lakuako Kultura sailburu ohiak nabarmendu du "beste batzuekin batera, euskara batuaren bideetatik hasteko hauspoa, akuilua, erronka" eman ziola Euskaltzaindiari 60ko hamarkadan. "Euskara batuaren defendatzaile sutsua izan zen. Euskararen klasikoak irakurri eta euskarak bere-bereak dituen legeak gordetzeko eta guztiok batera jarraitzeko ahalegina egin zuen", adierazi du.


